Buru Osasuna Euskadik aldarrikatu du berdintasuna ezin dela eraiki osasun mentaleko arazoak dituzten adineko emakumeak kanpoan utzita

Osasun mentaleko arazoak dituzten adineko emakumeek bakardade handiagoa, laguntza gutxiago eta oztopo gehiago dituzte beren eskubideak baliatzeko orduan.

03 MAR 2026

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Buru Osasuna Euskadik ikusgarritasun gutxi duen errealitate batean jarri du arreta: osasun mentaleko arazoak dituzten adineko emakumeen egoeran. Emakume horiek desberdintasun eta oztopo ugari pairatu dituzte urteetan zehar beren eskubideak baliatzeko orduan.
Agifes (Gipuzkoa), Asafes (Araba), Asasam (Aiaraldea) eta Avifes (Bizkaia) elkarteak biltzen dituen federazioak salatu du emakume horietako askok ordaindutako lana egiteko aukera gutxiago izan dituztela, zaintza-lanen ardura nagusia hartu dutela eta pentsio baxuagoak dituztela.
“Desberdintasun horiek ez dira adinarekin desagertzen; metatu egiten dira eta haien autonomia eta ongizate emozionala baldintzatzen dituzte”, adierazi du María Ángeles Arbaizagoitia Buru Osasuna Euskadiko presidenteak.
Horri gehitu behar zaizkio gizartearengandik jasaten duten ikusezintasuna, haien ekarpenen gutxiespena eta isolamendu edo nahi gabeko instituzionalizazio arrisku handiagoa. “Haien erabakitzeko gaitasuna zalantzan jartzen da, autonomia murrizten zaie eta komunitateko baliabideetara sarbidea mugatua dute. Gainera, haien ondoeza modu murriztailean interpretatzen da, bizitza osoan zehar sufritu dituzten desberdintasun ekonomikoa, zaintza-kargen pisua edo indarkeria matxista kontuan hartu gabe”, nabarmendu du Arbaizagoitiak.
Horregatik, ezinbestekoa da “ikuspegi intersekzionala, ulertu ahal izateko zer nolako oztopo espezifikoak sortzen diren generoak, adin handiak eta osasun mentaleko arazoek bat egiten dutenean”.
Aurtengo Emakunderen leloarekin bat eginez, “Eman tokia berdintasunari”, Buru Osasuna Euskadik aldarrikatu du espazio hori zabaldu egin behar dela emakume nagusientzat ere, bereziki osasun mentaleko arazo bat dutenentzat.

Estigma, diskriminazio isila

Metatutako desberdintasunen testuinguru honetan, estigmak oztopo gehigarri gisa jarduten du eta adin guztietako osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen egoeran eragin handia du. Salud Mental Españak sustatutako GEA Ikerketaren arabera, buruko osasun arazoak dituzten emakumeen % 69k uste du estigma beren eskubideak baliatzeko oztopo nagusietako bat dela. Gainera, % 31k ez du baliabide espezializatuetara jotzen estigmaren beldur delako edo aurretik diskriminazioa pairatu duelako.
Ikerketa horrek berak erakusten du inkestatutako emakumeen % 45 bakarrik sentitzen dela eta % 61k uste duela ez duela behar adina laguntzarik, bereziki emakume nagusien kasuan.
Arbaizagoitiaren arabera, “datu horiek errealitate estrukturala erakusten dute: estigmak eskubideak mugatzen ditu, erabakiak baldintzatzen ditu eta autoestimua txikiagotzen du. Adineko emakumeez ari garenean, eragina are sakonagoa da, buru osasunarekin lotutako diskriminazioari adinagatiko diskriminazioa gehitzen zaiolako”.
Bestalde, María Isabel García Peña Buru Osasuna Euskadiko Emakumeen Berdintasun Arloko ordezkariak adierazi du “askotan emakumeek estigma barneratzen dutela, eta autoestigma deritzon hori bereziki kaltegarria dela, beren irizpidea eta balioa zalantzan jartzera iristen direlako”.
Gainera, Buru Osasuna Euskadik ohartarazi du estigma erakunde-inguruneetan ere agertzen dela, infantilizazio-praktikak gertatzen direlako, emakumeen kontakizuna zalantzan jartzen delako edo genero-ikuspegirik gabeko diagnostikoak egiten jarraitzen dutelako. Azpimarratu behar da emakume nagusiek gainmedikalizazio-arrisku handiagoa dutela, eta maizago gertatzen dela haien parte-hartzerik gabe erabakiak hartzea.
Zehazki, Arbaizagoitiak jakinarazi du depresio diagnostikoa duten eta soilik tratamendu farmakologikoa jasotzen duten adineko emakumeen kopurua oso esanguratsua dela. “Askok ez dute arreta psikoterapeutikorik jasotzen. Medikazioarekin sufrimendua arintzeaz gain, oso garrantzitsua da kausak aztertzea egoerari irtenbidea eman ahal izateko”, adierazi du.
Era berean, Buru Osasuna Euskadik adierazi du eskubideak eta justizia soziala gauzatzeko beharrezkoa dela laguntza egokiak bermatzea, erabakiak hartzeko autonomia errespetatzea eta komunitatean parte-hartze osoa sustatzea. “Berdintasuna ezin da eraiki buruko osasun arazoak dituzten adineko emakumeak kanpoan utzita. Adinaren ikuspegia buru osasunaren esparruan txertatzea eskubide kontua da”, adierazi dute.

Sentsibilizazioa

Buruko osasun arazoak dituzten emakumeen egoeraz kontzientziatzeko, eurei informatzeko eta beren jabekuntza bultzatzeko hainbat sentsibilizazio ekintza burutzen ari da Buru Osasuna Euskadi Facebookeko ‘Mujer y Salud Mental – Emakumea eta Buru Osasuna‘ eta Instagrameko ‘Mujer y Salud Mental’ orrialdeetan. Horrez gain, www.emakumeaetaburuosasuna.org webgunea dauka, kontzientziazio- eta informazio-lana indartzeko. Ekintza horiek Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Demografia eta Gazteria Sailak babesten dituzte.
Bestalde, bai Buru Osasuna Euskadi eta bai bere barne dauden elkarteak buru-belarri ari dira ahalduntzearen alde lanean, emakume taldeak osatuz eta haiei nahiz profesionalei zuzendutako formakuntzak eskainiz. Horrez gain, gizonezkoentzako ikastaroak ere antolatzen dituzte maskulinitate berrien inguruan, eta buru nahasmendua duten emakumeen gizarteratzea sustatzeko ekintzak ere lantzen dituzte.
Diseño y desarrollo web: Infotres