Buru nahasmendua duten hamar pertsonatik zortzik ez dute enplegurik: Buru Osasuna Euskadi osasun mentala babestearen alde
“Lan-bazterketa ez da zifra hotz bat bakarrik; ziurgabetasunari aurre egiten dioten milaka bizitza dira. Euskadin buru nahasmendua duten hamar pertsonatik zortzik ez dute enplegurik; oraindik herritar guztiak sartzen ikasi ez duen sistema baten isla”. María Ángeles Arbaizagoitia, Buru Osasuna Euskadiko presidentea, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) datuetan oinarritu da pertsona horien langabezia zifra “desgaitasunen artean altuena

10 URR 2024
“Lan-bazterketa ez da zifra hotz bat bakarrik; ziurgabetasunari aurre egiten dioten milaka bizitza dira. Euskadin buru nahasmendua duten hamar pertsonatik zortzik ez dute enplegurik; oraindik herritar guztiak sartzen ikasi ez duen sistema baten isla”. María Ángeles Arbaizagoitia, Buru Osasuna Euskadiko presidentea, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) datuetan oinarritu da pertsona horien langabezia zifra “desgaitasunen artean altuena dela eta buru osasun arazoak dituzten pertsonen marjinazio sozial eta ekonomikoa betikotzen duela” salatzeko.
Agifes (Gipuzkoa), Asafes (Araba), Avifes (Bizkaia) eta Asasam (Aiaraldea) elkarteak biltzen dituen euskal federazioak konpromiso handiagoa eskatu du kolektiboaren laneratzearekin, “gizarte bidezkoago baterako funtsezko helburua delako. Lanak independentzia ekonomikoa emateaz gain, autoerrealizazio pertsonala ere lortzen laguntzen du, eta horrek autoestimua nabarmen hobetzen du eta errekuperazioa errazten du”, esan du euskal erakundeko arduradunak atzo goizean Donostiako Udaletxean Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira egindako ekitaldian.
Buru Osasuna Euskadi federazioaren arabera, oztopo hori gainditzeko, ezinbestekoa da enpresek eta erakundeek estigmak ezabatzen dituzten, lan-inguruneak egokitzen dituzten eta laguntza pertsonalizatuak sustatzen dituzten politika inklusiboak ezartzea. Gainera, “lan-ingurune inklusiboak buru osasun arazoak dituztenei mesede egiteaz gain, produktibitatea eta kohesioa hobetzen ditu erakundeen barruan, lan-ingurune osasungarriagoak eta askotarikoagoak sortuz”, adierazi dute.
Buru Osasuna Euskadik buru osasun arazoak dituzten pertsonei lotutako Estigmaren eta Diskriminazioaren aurkako Estrategia aplikatzea eskatzen du, enpresak eta gizartea oro har sentsibilizatzeko. “Helburua izan behar da buru osasun arazoak dituzten pertsonek bizi-proiektu bat izateko aukera emango dien enplegu bat lortzea eta mantentzea”, aldarrikatu du euskal federazioak.
Adierazpenak
Buru Osasuna Euskadi-ko presidenteaz gain, Mikel Merinok eta Mª Isabel Garcíak parte hartu zuten Buru Osasuna Euskadiko batzordearen ordezkari gisa. Manifestua irakurri eta lan errepikakorrak egiteaz gain eremu berrietan lan egiteko aukera aldarrikatu zuten.
Ekitaldian, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak bertaratutakoei eskatu die lan egin dezatela “aurreiritzi sozialek eta baliabide faltak sortu dituzten oztopoak ezabatzeko. Administrazio publikoek, Hirugarren Sektorearekin, enpresekin eta, oro har, gizartearekin batera, entzun, hitz egin eta lan egin behar dugu, buru osasun arazoak dituzten pertsonekiko eta haien senideekiko konpromisoa areagotuz”.
Bestalde, Manuel Lezertua Arartekoak erakunde publikoei eskatu nahi izan die “neurri gehiago har ditzatela, hala nola, lanpostuen egokitzapenean aurrera egitea eta laguntzen eta dirulaguntzen jarduera-lerro egonkor bat sortzea”. Aldi berean, aukera baliatu du “buru osasunaren arloan lan egiten duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, baita inor atzean ez uzteko egiten duten lana balioan jarri ere”.
Era berean, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez, “gizartea kontzientziatu behar dugu laguntza eskatzeak ez gaituela ahultzen; ausardia eta autozainketa erakusten ditu. Argi izan behar dugu urrats bakoitza garrantzitsua dela buru osasuna lehentasun izango duen mundu bat eraikitzeko”.
Ekitaldian, Eneko Goya Donostiako alkateak eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak ere hitz egin dute. Goyak “erronka partekatu honi aurre egiteko laguntza eta lankidetza osoa” eskaini die sailburuei, eta Maite Peñak honakoa nabarmendu nahi izan du: “jarduera-lerro bat dugu, eta buru osasun arazoak dituzten pertsonak erdigunean jarriz aldaketak egin behar ditugu, zer behar duten ikusi. Ezin ditugu ordezkatu, haien egoera duindu behar dugu”.
Ekitaldia amaitzeko, ikus-entzunezko hunkigarri bat proiektatu zuten. Bertan, agerraldi psikotiko baten ondorioz psikiatria-unitate batean sartu zuteneko bere sufrimendu fisiko eta emozionala deskribatzen zuen kaltetu baten testigantza agertzen da.
Buru Osasuna eta lan-prekarietatea
Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak duela gutxi egindako txosten baten arabera, Espainiako langileen % 50 baino gehiago lan-prekarietate egoeran dago, eta horrek zuzenean eragiten dio buru osasunari. Izan ere, langileen % 47k adierazi du lantokian bere buru ongizaterako arriskuen eraginpean dagoela, gehiegizko lanagatik eta denbora-presioagatik, gehien aipatutako faktore gisa.
Buru osasun arazoak dituzten pertsonentzako lan-oztopoak
Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek hainbat oztopo gainditu behar izaten dituzte lana lortzeko. Enpresetako estigmak eta diskriminazioak, lanpostuetako zentzuzko doikuntzarik ezak eta lan-aukeren eskasiak –gainera, prekarioak izan ohi dira– izugarri mugatzen dituzte haien aukerak. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, buru nahasmendu larriak dituzten pertsonek joera handiagoa dute lan merkatutik kanpo geratzeko edo lan desberdintasunak jasateko.
Gainera, langabezia funtsezko arrisku-faktorea da buru osasunerako. OMEk ohartarazi duenez, laneko eta finantzetako segurtasunik ezak eta enplegu-galerak nabarmen handitzen dute suizidio-arriskua.
Laneratzea sustatzeko ekintzak
Gizarte bidezkoago baterantz aurrera egiteko, Buru Osasuna Euskadik ezinbestekotzat jotzen du enpresek eta erakundeek politika inklusiboak inplementatzea, buru osasunari lotutako estigmak ezabatuz eta lan inguruneak pertsona bakoitzaren beharretara egokituz. Era berean, laguntza pertsonalizatuak eta rol berriak sortzeko deia egin du federazioak, hala nola, elkarri laguntzeko eragilearena, laneratzea errazteko eta laguntzak sustatzeko.
Lan-inguruneetan zentzuzko egokitzapenak egiteaz gain —ordutegi malguak eta zereginetan aldaketak egin daitezke estresa murrizteko—, lanera itzultzeko programak ezartzea ere gomendatzen dute. Laguntza soziosanitarioa eta lan-bizitzara pixkanaka itzultzea uztartu behar dituzte programa horiek.
“Enpresen eta erakundeen konpromiso irmoarekin bakarrik lortuko dugu laneratzea errealitate bat izatea, eta ez salbuespen bat”, amaitu zuen Arbaizagoitiak.