Eraldaketa eragiten duen komunikazioa
Hitzek errealitatea deskribatzen dute, eta hura eraikitzen ere laguntzen dute. Buru osasunaz hitz egiteko moduak eragina du gizarteak buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak ulertzeko duen moduan, aurreiritziak mantendu edo zalantzan jartzeko orduan eta, azken batean, gizarteratzeko sortzen dituen aukeretan.
Hitzek errealitatea deskribatzen dute, eta hura eraikitzen ere laguntzen dute.
Buru osasunaz hitz egiteko moduak eragina du gizarteak buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak ulertzeko duen moduan, aurreiritziak mantendu edo zalantzan jartzeko orduan eta, azken batean, gizarteratzeko sortzen dituen aukeretan.
Azken urteotan, buru osasunak gero eta presentzia handiagoa hartu du hedabideetan, sare sozialetan eta eztabaida publikoan. Aurrerapauso horrek luzaroan isilarazitako errealitate bat ikusarazten lagundu du. Erronka berriak ere agerian utzi ditu, hala nola informazioa testuingururik gabe zabaltzea, ondoez emozionala hutsaltzea, etiketa edo irudi estereotipatuak erabiltzea eta estigma elikatzen jarraitzen duten mitoak errepikatzea.
Horregatik, kanpainak funtsezko ideia bat helarazi nahi die herritarrei: guztiok komunikatzen dugu, eta guztiok lagun dezakegu estigma murrizten. Argitalpen bakoitza, elkarrizketa bakoitza eta partekatzen dugun irudi bakoitza aukera bat da buru osasunari buruzko ikuspegi inklusiboagoa eraikitzeko, errespetuan oinarrituz.
Kanpainak sentsibilizazio-bideo bat eta Buru osasunaz modu inklusibo eta arduratsuan informatzeko gidaren eduki nagusietan oinarritutako infografia sorta bat baliatuko ditu. Horien bidez, tresna praktikoak eskainiko ditu pertsona erdigunean jartzen duen hizkera sustatzeko, genero-ikuspegia txertatzeko, ingurune digitaletan modu arduratsuan komunikatzeko eta buru osasunari lotutako mito nagusietako batzuk deseraikitzeko.
Horrela, ekimenak gizarte inklusiboago bat eraikitzen laguntzen du, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen eskubideak gehiago errespetatuko dituena. Horretarako, estigmari eta diskriminazioari aurre egiten lagunduko duen komunikazioa sustatzen du.
Proposamenak bereziki hiru garapen jasangarrirako helbururekin (GJH) egiten du bat. 3. GJHarekin (Osasuna eta ongizatea), buru osasunaren inguruko sentsibilizazioa sustatzen duelako gizartean. 5. GJHarekin (Genero-berdintasuna), komunikazioan genero-ikuspegia txertatzen duelako eta emakumeei eragiten dieten desberdintasunak ikusarazten dituelako. Eta 10. GJHarekin (Desberdintasunak murriztea), buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak gizartean erabat barneratzea zailtzen duten aurreiritziak eta oztopoak ezabatzen laguntzen duelako. Era berean, herritarrek ikuspegi kritikoagoa gara dezaten eta komunikazio arduratsuarekin konpromiso handiagoa har dezaten sustatzen du, 2030 Agendaren balioekin bat etorriz.
Buru osasunaz modu inklusibo eta arduratsuan informatzeko gida

Buru Osasuna Euskadik landutako gidak helburu du komunikazio eta dibulgazio arloko profesionalei —komunikabide tradizionaletan (irratia, telebista eta prentsa) zein formatu digitaletan (podcastak, ikus-entzunezko plataformak eta sare sozialak) dihardutenei— erreferentzia-marko bat eskaintzea, buru osasuna modu arduratsuan, etikoan eta inklusiboan landu dezaten, genero-ikuspegia kontuan hartuta eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen errealitatea islatuz.



