Buru osasunaz modu inklusibo eta arduratsuan informatzeko gida
Azken urteotan, buru osasunak ikusgaitasuna lortu du komunikabideetan eta sare sozialetan, eta hori aurrerapen nabarmena da estigmak eta isiltasunak markatutako aurreko hamarkadekin alderatuta. Hala ere, protagonismo berri horrek erantzukizun handia dakar: zorroztasunez, errespetuz eta sentsibilitatez komunikatzea, hutsalkeriatik, estereotipoetatik eta desinformaziotik urrunduz.
Horregatik, gida honek helburu du komunikazio eta dibulgazio arloko profesionalei —komunikabide tradizionaletan (irratia, telebista eta prentsa) zein formatu digitaletan (podcastak, ikus-entzunezko plataformak eta sare sozialak) dihardutenei— erreferentzia-marko bat eskaintzea, buru osasuna modu arduratsuan, etikoan eta inklusiboan landu dezaten, genero-ikuspegia kontuan hartuta eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen errealitatea islatuz.
Dokumentu honetan, arreta berezia eskaini diegu gazteei, ondoez psikosozialaren eta buru osasunaren inguruko mezu mediatikoen oso gertu baitaude. Nola komunikatzen diren eta hedabide digitaletako edukiak nola kontsumitzen dituzten aztertu dugu, baita beren rola behatu ere, dibulgazioren eta gizarte-eraldaketaren eragile aktiboak baitira.
Ikuspegi praktiko eta didaktiko batetik abiatuta, gida honek tresna estilistiko, terminologiko eta etikoak eskaintzen ditu, ebidentzian eta jardunbide egokietan oinarrituta, komunikazio bidezkoagoa, enpatikoagoa eta eraldatzaileagoa sustatzeko. Halaber, buru osasunaren inguruan komunikatzeak dakartzan erronka nagusiak jorratu ditugu, bereziki gaur egungo berehalakotasunaren eta biralitatearen garaian.