Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen familiei baliabide gehiagorekin laguntzeko premia adierazi du Buru Osasuna Euskadik

Buru Osasuna Euskadik inbertsio handiagoa eskatu du buru nahasmenduak dituzten pertsonen familiei laguntzeko politiketan.

03 AZA 2023

• Euskal federazioak azterlan bat aurkeztu du EAEn buruko osasun arazoak dituzten pertsonen senideen egoeraz ohartarazteko. Txostenak zaintzarekin lotutako erantzukizunek pertsona horien bizi-kalitatean duten eragina jorratzen du, zehazki, familia- eta gizarte-harremanetan, aisialdian, osasun-egoeran eta egoera ekonomikoan.

• María Ángeles Arbaizagoitiak, Buru Osasuna Euskadiko presidenteak, familiei laguntzeko baliabideetan inbertsio handiagoa egitea eskatu du, haiek baitira “zaintza-lan gehienak eta etengabeko laguntza” beren gain hartzen dituztenak.

Buru Osasuna Euskadik, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak eta euren senideak bateratzen dituzten euskal elkarteen federazioak, inbertsio handiagoa eskatu du buru nahasmenduak dituzten pertsonen familiei laguntzeko politiketan, zaintzaren ardurek dakarten zama arintze aldera. Euskal erakundeak ikerketa bat aurkeztu du gaur Donostian buru osasuneko diagnostikoa duten pertsonen senitartekoek hainbat arlotan bizi dituzten ondorio negatiboak aztertzeko; hain zuzen, familia- eta gizarte-harremanetan, aisialdian eta denbora librean, osasun-egoeran eta egoera ekonomikoan.

Azaroaren 5ean ospatzen den Zaintzaileen Nazioarteko Egunaren harira argitaratutako ikerketaren aurkezpenean, María Ángeles Arbaizagoitia Buru Osasuna Euskadi federazioko presidenteak senideen funtzioa azpimarratu du, “osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen laguntza-zutabe nagusiak” izan ohi baitira. Euskal entitatearen ordezkariak ziurtatu duenez, “sarritan familiak hartzen ditu bere gain zaintza-lan gehienak eta etengabeko laguntza”.

Zaintzak hainbat alderditan du eragina. Zehazki, hamar pertsonatik seik diote beren familia-harremanak mindu egin direla egoeraren ondorioz, eta hamar familiatik hirutan hausturak eta banantzeak gertatu dira. Zaintzaile gehienen kasuan, aisialdiak eta gizarte-harremanek nabarmen egiten dute behera, batez ere emakumeen eta buru nahasmendua duen pertsonarekin bizi diren senideen kasuan.

Beste ardatz garrantzitsu bat osasun-egoerarekin eta ongizate emozionalarekin lotuta dago. Galdetutako hamar pertsonatik ia sei ez daude pozik beren osasun emozionaleko egoerarekin. Gainera, “buru nahasmendua duen pertsona bat zaintzen duten senideen % 12k osasun mentaleko arazoren bat du diagnostikatuta”, adierazi du Irama Vidaurreta EDE Fundazioko ikertzaileak. Ildo beretik, kontsultatutako hamar pertsonatik ia lauk tratamendu bat jarraitzen dute eta/edo laguntza psikologikoa edo farmakologikoa jasotzen dute.

Era berean, zaintzaileen ia erdiek diote estresatuta eta gainez eginda sentitzen direla laguntza hori emateagatik, eta inkestatutako pertsonen % 47,9k osasun-arazo fisikoak izan dituzte senidearekiko duten arduraren ondorioz (energia galtzea, nekea, zorabioak, minak…).

Zaintzak familiarentzat dakarren gainkostu ekonomikoa ere aztertzen du ikerketak. Sendagaien eta espezialisten ordainketa da gastu gehien eragiten diena, baina baita senitartekoak erabiltzen dituen bestelako zerbitzuen ordainketa partekatuak ere. Hain zuzen, gainkostu hori “oztopo bat da pertsona batzuei behar bezalako arreta emateko”. Kontsultatutako pertsonen laurdenek adierazi dute uko egin diotela, noizbait behintzat, senidearentzako tratamenduren bati edo espezialistaren bati, ezin zutelako ordaindu”, adierazi du Vidaurretak.

Familiek aparteko gastuak dituzten arren, zaintza-lanek enplegua eta familia bateragarri egitea zailtzen dute maiz. Egoera horrek lanorduak murriztera edo lanpostuari uko egitera behartzen ditu senide batzuk, eta horrek familiaren diru-sarreren bolumenari eragiten dio. Kontsultatutako bost familiatik batean (% 21,3) gutxienez pertsona batek lanaldia murriztu behar izan du, eta familien % 17,4k lana utzi du zaintzaren ardura bere gain hartzeko. Egoera horrek emakumeei eta senidearekin bizi diren pertsonei eragiten die gehienbat.

Ikerlanak ere aztertu du Buru Osasuna Euskadi federazioko elkarteek zer nolako lana egiten duten familiei dagozkien erantzukizunen eragin negatiboa arintzeko. Zehazki, hamar pertsonatik bederatzi pozik sentitzen dira euskal elkarteek eskaintzen dituzten baliabideekin, eta ulertuta sentitzen direla adierazi dute. Horregatik, María José Cano euskal federazioko gerenteak azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua da orotariko arreta-zerbitzuek familiak erakunde hauetara bideratzea, laguntza ugari aurkitu baitituzte bertan”.

Familientzako arreta hobetzeko proposamenak
Buru Osasuna Euskadik familia horien bizi-kalitatea hobetzeko egiten dituen proposamenen artean, atseden hartzeko baliabideak sustatzea nabarmentzen da (aldi baterako egoitza-baliabideak, etxeko laguntza, aisialdia eta denbora librea…), bai eta babes profesionalak handitzea ere. “Beharrezkoa da laguntza profesionalen bidez familia-zainketen zama arintzea eta bizitza independentea sustatzen duten ereduak bultzatzea. Horrek guztiak familien bizi-kalitateari mesede egingo dio “, ziurtatu du Canok.

Eskaera nagusien artean daude, halaber, laguntza ekonomikoak, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak eta zaintza-politiketan genero-ikuspegia sartzea, emakumeen eta gizonen arteko erantzukizunen eragina orekatzeko. Buru Osasuna Euskadik, era berean, eskatu du lehen mailako arretatik Osasun Mentaleko Sarera bideratzeko protokoloak berrikustea, zaintzaren ardura duten senideek tratamendu psikologikoa jaso ahal izan dezaten, kasu bakoitzak eskatzen duen intentsitatearekin.

Bestalde, azterlanak familien beharrei erantzuteko eskuragarri dauden baliabideen mapa bat eskaintzen du, baita autonomia, estatu eta nazioarte mailako jardunbide egokien eta ekimen azpimarragarrien katalogo bat ere.

Familien profila
Irama Vidaurretak EAEn buruko osasun arazoak dituzten pertsonen senideen profila zehaztu du, azterlanaren emaitzetan oinarrituz. Inkestak eta senideen eztabaida-taldeetan ardaztutako hausnarketa izan dira ikerketa-metodologiaren zutabe nagusia. Azaldu duenez, zaintzaileen % 80k 50 urte baino gehiago ditu, eta gehienak emakumeak dira, bereziki amak.

Buru Osasuna Euskadik egindako lanaren aurkezpen-jardunaldian, senitartekoek eta profesionalek mahai-inguru bat egin dute, eta hainbat taldetan elkartu dira ondoren gogoeta egin eta ideiak trukatzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko, foru-aldundietako eta Arartekoko ordezkariekin batera.

Diseño y desarrollo web: Infotres