Hitz egin, lagundu eta prebenitu: suizidioaren aurrean, ez errurik, ez isiltasunik
Irailaren 10ean, Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Egunak arreta behar duen errealitate batera hurbiltzen gaitu, eta gogorarazten digu suizidioaz arduraz hitz egiteak prebentzioan laguntzen duela.
10 IRA 2026
Zenbaki bakoitzaren atzean errealitate pertsonal bat dago, eta, askotan, entzunak eta artatuak izan behar duten sufrimendu psikiko sakoneko egoerak. Sufrimendu hori garaiz antzematea, laguntzak eskuratzeko bideak erraztea eta pertsonek bizitzen ari direna epaituak sentitu gabe adierazi ahal izateko espazioak sortzea funtsezkoak dira prebentziorako.
Eustaten azken datuek erakusten dute suizidioagatiko heriotzek behera egin dutela Euskadin. 2025ean, 159 pertsona suizidatu ziren, eta 2024an 171 erregistratu ziren; hau da, % 7 inguruko jaitsiera izan da. Hildakoen artean, 116 gizonezkoak ziren eta 43 emakumezkoak.
Jaitsiera hori albiste positiboa da, baina galdutako 159 bizitzek arazoaren tamaina erakusten jarraitzen dute. Horrek esan nahi du Euskadin, gutxi gorabehera bi egunean behin, pertsona batek bere buruaz beste egiten duela.
Adinak arreta merezi du. 2025ean, hildako 159 pertsonetatik 102k 50 urte edo gehiago zituzten, hau da, guztizkoaren % 64 inguruk. Gainera, 50 eta 59 urte arteko adin-tartean izan zen heriotza gehien: 48.
Jokabide suizidaren errealitatea heriotza-zifretatik askoz harago doa. Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren (SOS Deiak) txostenaren arabera, 2024an jokabide autolitikoekin lotutako 4.213 gertakari erregistratu ziren. Datu horrek agerian uzten du krisi-egoerak bizi dituzten eta laguntza espezializatua behar duten pertsonen kopurua handia dela. Gertakari horietatik, % 57 Bizkaian erregistratu ziren, % 27 Gipuzkoan eta % 16 Araban.
Prebenitzeko, ondoan egon
Suizidioa prebenitzeko lagungarria da sufrimendua garaiz antzematea, laguntza profesionala eskuratzeko bideak erraztea eta pertsonei espazioa eskaintzea sentitzen dutena epaituta sentitu gabe adierazi ahal izateko.
Baina bada oraindik gutxiegi aipatzen den beste errealitate bat: maite duten pertsona bat suizidioz galtzen duten pertsonena.
Espainiako buru osasunaren konfederazioak pertsona horiengan jarri nahi izan du aurten arreta, #NiCulpaNiSilencio kanpainaren bidez. Kalkuluen arabera, suizidio bakoitzeko gutxienez sei pertsonari eragiten die sakon galerak. Dolua bereziki konplexua izan daiteke; izan ere, minari erruduntasun sentimendua, amorrua, lotsa, estigma edo gertatutakoari buruzko galderak gehi dakizkioke, eta baliteke galdera horiek inoiz erantzunik ez izatea.
Horregatik da hain garrantzitsua laguntza eta babesa izatea. Galeraz beldurrik gabe hitz egin ahal izateak, epaitu gabe entzungo duten pertsonak aurkitzeak eta, beharrezkoa denean, laguntza profesionala edo laguntza-taldeak eskuratzeak dolu-prozesua egiten lagun dezakete.
Prebentzioaren aldeko apustu kolektiboa
Buru Osasuna Euskaditik aldarrikatzen dugu prebentzioa hainbat esparrutatik landu behar dela: osasunaren, gizartearen, hezkuntzaren eta komunitatearen arloetatik, hain zuzen ere.
Funtsezkoa da sufrimendu psikikoa goiz antzematea eta laguntza irisgarriak eta jarraituak bermatzea. Era berean, ezinbestekoa da suizidio-saiakerak izan dituzten pertsonei ematen zaien arreta hobetzea, berehalako laguntza eskainiz eta zaintzaren jarraitutasuna bermatuz.
Halaber, laguntza eskatzeko lotsa gaindituko duen gizartea eraikitzen jarraitu behar dugu; norbaiti nola dagoen galdetu eta haren erantzuna benetan entzuteko gai izango den gizartea; eta familiek eta gertuko pertsonek sufrimenduari edo doluari bakardadean aurre egin behar izango ez dioten gizartea.
Nola lagun diezaiokegu sufritzen ari den pertsona bati?
Suizidioaz arduraz hitz egiteak, entzuteak eta babesa eskuratzeko bideak errazteak lagundu dezake. Kezkatzen gaituzten seinaleen aurrean, garrantzitsua da sufrimendua ez gutxiestea.
Alerta-seinaleak
Batzuetan, pertsona batek zuzenean adieraz ditzake heriotzarekin edo suizidioarekin lotutako pentsamenduak. Beste batzuetan, berriz, kezka eragiten diguten portaera-aldaketak edo bestelako seinaleak ager daitezke: ustekabeko agurrak egitea, gauza pertsonal baliotsuak oparitzea, norberaren kontuak ixtea, beharrezkoak ez diren arriskuak hartzea, isolatzea edo etsipen handia adieraztea.
Seinale bakar batek ez du nahitaez esan nahi suizidio-arriskua dagoenik, baina zerbaitek kezkatzen bagaitu, hobe da galdetzea eta entzutea.
Nola lagundu pertsona bati
Pertsona batek pentsamendu suizidak adierazten baditu edo sufrimendu handia bizi duela sumatzen badugu, gaiari buruz argi eta zuzenean hitz egin dezakegu, epaitu gabe eta berehala konponbideak eskaintzen saiatu gabe entzun, eta kontatzen diguna aintzat hartu.
Garrantzitsua da sermoiak, gaitzespenak edo sentitzen duenari garrantzia kentzen dioten esaldiak ekiditea. Laguntza profesionala bilatzen lagun diezaiokegu eta, beharrezkoa denean, haren babes-sarearen parte izan daitezkeen senideak edo gertuko pertsonak inplikatu.
Pentsamendu suizidak izaten ari bazara
Ez diozu une honi isilean aurre egin behar. Bizitzen ari zarenaz hitz egiteak eta laguntza eskatzeak irtenbide bat aurkitzen lagun dezake, orain sinesteko zaila egiten bazaizu ere.
Konfiantzazko pertsona batengana jo dezakezu eta laguntza profesionala bilatu. Berehalako arrisku-egoera batean bazaude, deitu 112ra edo larrialdi-zerbitzu batera jo.
Laguntza eta babesa
Orientazioa edo laguntza behar baduzu, Buru Osasuna Euskadiko elkarteetara jo dezakezu:
- AGIFES (Gipuzkoa)
- ASAFES (Araba)
- ASASAM (Aiaraldea)
- AVIFES (Bizkaia)
Larrialdi-egoeran bazaude, deitu 112ra edo larrialdi-zerbitzu batera jo. Osakidetzako Osasun Aholkularitzarekin ere jar zaitezke harremanetan, 900 20 30 50 telefono-zenbakira deituta.