Gurekin bizi Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna
Gurekin bat egitera gonbidatzen zaitugu, “Hezkuntza inklusiboa, buru osasun positiboa” lelopean.

01 URR 2018
Buruko osasun arazoak dituzten senideen eta pertsonen elkarteok bat egingo dugu urriaren 10ean Donostian, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira. Donostiako Udalean gauzatuko dugun ekitaldi instituzionalarekin ekingo diogu jardunaldiari. Ondoren, 12:00etan Bulebarrean, Fedeafeseko buru nahasmendua duten pertsonen batzordeko kideek jardunaldiko adierazpena irakurriko dute. Horrez gain, kolektiboko kideon elkarretaratzea egingo dugu, koloretako aterkiekin eta musikaren laguntzaz.
Egun honetan gurekin bat egitera gonbidatzen zaitugu, “Hezkuntza inklusiboa, buru osasun positiboa” lelopean. Goiburu horren helburua da balioen alde apustu egingo duen hezkuntza aldarrikatzea, aniztasunaren eta inklusioaren alde lan egingo duena, eta buru osasun positiboa sustatzea. Horretarako, beharrezkoa da buru nahasmenduen prebentzioa lantzea haur eta gazteen hezkuntza-arloetan, baita izugarrizko abiaduran doan gizarte honen erronkak kontuan hartzea ere. Horrela, etorkizuneko belaunaldietara begira, buruko osasun positiboagoa lortzea da xedea.
Aurtengo gaia bat dator Buru Osasunaren Munduko Federazioak markatutakoarekin: “gazteak eta buru osasuna etengabe aldatzen ari den munduan”.