Euskadin 171 pertsona suizidatu ziren 2024an
Buru Osasuna Euskadik ohartarazi duenez, suizidioaren prebentzioa erronka kolektiboa da, eta osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, etxebizitza eta beste sistema batzuk barne hartzen ditu, bai eta eremu komunitarioa eta gizarte osoa ere.
10 IRA 2025
Urtero, irailaren 10ean, Suizidioa Prebenitzeko Munduko Egunak premiazko errealitate bat gogorarazten digu: suizidioaz hitz egin behar dugula prebenitu ahal izateko.
Eustaten azken datuak deigarriak dira: 2024an 171 pertsona suizidatu ziren Euskadin, aurreko urtean baino % 21 gehiago. Heriotza horietatik 120 50 urtetik gorakoei zegozkien, hau da, heriotza guztien % 70. Gainera, suizidioen % 23 baino gehiago 70 urtetik gorakoen artean gertatu ziren, eta datu hori bereziki kezkagarria da adin-tarte horrek laguntza psikologikoko eta sozialeko baliabideak eskuratzeko oztopo gehiago izaten dituela kontuan hartzen badugu.
Bakardadea, zahartzea eta osasun mentala: arrisku-konbinazioa
Hautatu ez den bakardadea, gaixotasun kronikoak, laguntza-sareak galtzea edo dolua zahartzaroko osasun mentalari sakonki eragiten dioten faktoreak dira. Askotan, ondoez emozional hori sintoma depresiboen bidez agertzen da, eta garaiz heltzen ez bazaie, ideia suizidak eragin ditzakete.
Izan ere, Estatuko eta nazioarteko ikerketek diote suizidioen ehuneko handi bat aurretiazko sintoma depresiboekin lotuta dagoela. Zenbait azterlanen arabera, beren buruaz beste egiten duten pertsonen % 50ek baino gehiagok depresioa edo gogo-aldartearen beste nahasmendu batzuk izan dituzte.
Hala ere, pertsona horietako askok ez dute behar zuten arreta jaso. Sufrimendu psikikoa ez da beti antzematen lehen mailako arretako kontsultetan, eta ez da beharrezko laguntza psikologikorik zein sozialik eskaintzen, batez ere adin aurreratuenetan.
Prebentzioa posible da
Suizidioaz hitz egiteak biziak salbatzen ditu. Prebentzioa entzutetik hasten da, estigmak haustetik eta bizitzako etapa guztietan laguntza egokiak bermatzetik.
Buru Osasuna Euskaditik uste dugu inoiz ez dela goizegi edo beranduegi osasun mentala zaintzeko eta suizidioa prebenitzeko. Prebentzioari esker, sufrimendua garaiz detektatu, arrisku-faktoreak murriztu eta laguntza eskuragarriak bermatzu ditzakegu, bai osasunekoak, bai gizartekoak eta bai komunitatekoak.
Baina, era berean, ezinbestekoa da suizidio-saiakerak izan dituzten pertsonentzako arreta hobetzea, berehalako laguntza, zainketetan jarraitutasuna eta errekuperazioa erraztuko duten ingurune seguruak eskainiz.
Prebenitzea, arreta ematea eta laguntzea guztioi dagokigu.
Euskadiko zifrak
Euskadin, bi egunetik behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du. Estatuan, oro har, 4.000 pertsona inguru suizidatzen dira urtero, eta 80.000 saiakera inguru egiten dira. Zifra horiek trafiko-istripuek eragindako heriotzak gainditzen dituzte, baina askoz gutxiago aipatzen dira.
Buru Osasuna Euskadik azpimarratu nahi dugu premiazkoa dela kontzientziatzea nahiz prebentzioan, sentsibilizazioan eta laguntza eskuragarrietan inbertitzea, baita sare komunitarioak sortzea ere, bakardadean bizi direnei babesa emateko.
Suizidioa prebenitzea ez baita soilik osasun publikoko kontu bat. Pertsona guztien duintasun, ongizate eta bizitzarekiko konpromiso kolektiboa da.
_____
Nola lagun diezaiekegu sufrimendu egoeran daudenei?
Berrogei segundoro, munduan, norbaitek buruaz beste egiten du. Espainian, berriz, 2,5 orduro suizidatzen da norbait; eta Euskadin, bi egunetik behin.
Suizidioa gai tabua da, baina, errealitatean, naturaltasunez hitz egiteak, sufritzen ari den jendea entzuteak eta laguntzak bilatzeak bizitzak salbatzen laguntzen du.
Sufrimendu psikikoa pairatzen ari diren pertsonak badituzu inguruan, garrantzitsua da ondorengo alderdiak kontuan hartzea:
Kontuan hartzeko seinaleak
Batzuetan, buruaz beste egiteko nahia adierazten du pertsonak, baina badaude hitzezkoak ez diren seinaleak, kezka sortzeko modukoak. Pertsona batzuek, adibidez, suizidioarekin loturiko ideiei garrantzia kentzeko joera dute, modu esplizituan edo ez; eta euren burua suizidatu den pertsona batekin alderatzen dutenak ere badaude.
Bestalde, antzematen badugu arduratzen gaituen pertsona hori bere ondasun preziatuenak oparitzen hasten dela, zereginak amaitzen edo beharrezkoak ez diren arriskuak hartzen, susmatzen has gaitezke.
Nola lagundu
Horrela seinaleak ematen dituen pertsona bati laguntzeko aukera baduzu, gomendagarria da:
- Suizidioaz argi hitz egitea
- Entzuteko prest agertzea
- Bere sentimenduak mahai gainean jar ditzan laguntzea
- Pertsona ez epaitzea, bizitzaren balioari buruzko sermoirik ez ematea
- Laguntza profesionala bilatzea
- Senide eta gertukoen artean laguntza bilatzea
Pentsamendu suiziden aurrean nola jokatu
Pentsamendu suizidak baldin badituzu, kontuan izan honakoa:
- Suizidioari buruzko pentsamenduak ez ezkutatu; profesional, senide edo lagun batengana, kezkatzen zaituen hori kontatzeko
- Suizidio krisialdiak pasakorrak izan ohi dira
- Etsipena gainditzeko gai ez zarela pentsatzen baduzu ere, gogoan izan krisialdiak ez direla amaigabeak
Laguntza bilatu
Laguntza behar baduzu, gure elkarteetara jo dezakezu:
- AGIFES (Gipuzkoa)
- ASAFES (Araba)
- ASASAM (Aiaraldea)
- AVIFES (Bizkaia)
Larritasun egoera baten aurrean, 112 zenbakira edo larrialdi zerbitzuetara deitu.
Horrez gain, Osakidetzako Osasun Kontseiluan ere arreta emango dizute erizaintzako profesionalek: 900 20 30 50