Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen zahartzea EAEn
Biztanleria zahartzea eta laguntza-beharrak (sozialak eta sanitarioak) handitzea, zainketa-eredu tradizionalaren krisia, familia-ereduen dibertsifikazioa edo bakardadea handitzea, besteak beste, lehen mailako erronkak dira pertsonak artatzeko. Erronka hori are premiazkoagoa da buruko osasun arazoak dituzten pertsonen artean, gaixotasunaren eta determinatzaile sozialen ondorioz narriadura goiztiarra izaten baitute.
Hala eta guztiz ere, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak, beren ikuspegitik, nola zahartzen diren jakitea, eta urteak bete ahala behar dituzten baliabideak eta laguntzak ezagutzea ere ez da nahikoa. Hori dela eta, ikerketa honen helburua da informazio-behar hori asetzea eta EAEn buruko osasun arazoak dituzten eta zahartzen ari diren pertsonen errealitatean sakontzea, bai eta haiei laguntzeko baliabideak, zerbitzuak eta politika publikoak hobetzeko gakoak identifikatzea ere.
Horregatik, BURU OSASUNA EUSKADI Federazioak ikerketa hau bultzatu du AGIFES, ASAFES, ASASAM eta AVIFES elkarteekin lankidetzan, EDE Fundazioaren laguntza teknikoarekin eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren, Laboral Kutxaren eta Ecoembes-en laguntza ekonomikoarekin.
Azterlanak agerian utzi du errealitate konplexu bat: osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak duela hamarkada batzuk baino urte gehiago bizi dira, baina haien bizi-itxaropena biztanleria orokorrarena baino askoz txikiagoa da oraindik. Hainbat ikerlanen arabera, alde hori 10 eta 20 urte bitartekoa da, elkarrekin lotutako hainbat faktoreren ondorioz, hala nola medikazioaren albo-ondorioak, osasungarriak ez diren bizimoduak, prekarietate ekonomikoa edo osasun-arreta integrala eskuratzeko zailtasun gehiago. Egoera horrek osasun fisiko, emozional eta sozialaren prebentzio- eta sustapen-estrategiak indartzea eskatzen du, bizi-ohitura osasungarriei arreta berezia eskainiz.