‘Geratu apur batean’: gazteen buru osasuna zaintzeko kanpaina

Buru Osasuna Euskadik gazteen osasun mentala zaintzeko ‘Geratu apur batean’ kanpainarekin bat egin du.

15 URR 2026

Buru Osasuna Euskadik gazteen osasun mentala zaintzeko ‘Geratu apur batean’ kanpainarekin bat egin du. El Boulevard, Zubiarte, Ballonti eta Bilbondo merkataritza-guneek bultzatu dute ekimena, CBRErekin eta ANAR Fundazioarekin batera, eta gelditzera, entzutera eta kalitatezko denbora partekatzera gonbidatzen gaitu. Haur eta nerabeen buru osasunaren inguruan sentsibilizatzea eta harreman pertsonalek ongizate emozionalean duten garrantzia nabarmentzea du helburu.

Buru Osasunaren Nazioarteko Egunarekin batera abiarazi da kanpaina. Merkataritza-guneetako mezuen, sare sozialetako bideoen eta hainbat jardueraren bidez, pantailak alde batera uztera, epaitu gabe entzutera eta inguruko pertsonei denbora eskaintzera animatzen gaitu.

Buru Osasuna Euskadik eta hura osatzen duten elkarteek —Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes— bat egin dute kanpainarekin, gazteei arreta eskaintzearen garrantzia gogorarazteko. Izan ere, haien ondoan egoteak, nola sentitzen diren galdetzeak eta behar dutenean laguntza eskaintzeak sufrimendu emozionala prebenitzen lagun dezake.

“Buru Osasuna Euskaditik eskerrak eman nahi dizkiogu kanpaina honen sortzaileei, nerabeen eta gazteen buru osasuna zaintzearen garrantzia nabarmentzeagatik. Gero eta azkarrago doan eta digitalki gero eta konektatuago dagoen gizarte honetan, entzun, hitz egin eta elkarri laguntzeko espazioak berreskuratu behar ditugu. Gazteen ondoan egotea, nola sentitzen diren galdetzea eta behar dutenean laguntza eskaintzea ekintza errazak dira, sufrimendua prebenitzen eta belaunaldi berrien ongizate emozionala indartzen laguntzen dutenak”, adierazi du M.ª Ángeles Arbaizagoitiak, federazioko presidenteak.

Diseño y desarrollo web: Infotres